Ikasle Batasunerako Programa!

-Azalpena

Aurreko ikasturtean Bizkaiko ikasleok argi eta garbi adierazi genuen LOMCE eta EU2015en erabat aurka gaudela, eta egungo eredua ere errotik aldatu behar dela. Milaka eta milaka ikasle borrokara batu ginen gure ikastetxe eta fakultateetan hezkuntza herritik eta herriaren mesedera egon behar dela aldarrikatzeko. Horrela adierazi genuen gure hezigune eta eskualdeetan, eta masiboki baieztatu ahal izan genuen Martxoak 27ko Bilbon egindako aurreko ikasle mobilizazio handienean.

Mugimenduaren indarra ikusita, honi jarraipena emateko beharra argi geratu zen, eta horretarako Sustraiak formakuntza jardunaldiak egin genituen. Aurrera begira gure borrokak indartzeko ideiak partekatu, eta eraikuntza proiektuak sortzeko balio izan zuen. Guzti honetaz hausnartutik, eta dugun indarraz jabetuta, Ikasle Eztandaren sustapen taldeko asanblada eta taldeok ondorengoa adierazten dugu:

1) LOMCE eta EU2015 garaitzeko baldintzak sortu dizakegula ikusten dugu, baina horretarako beharrezkoa izango da batzen ari garen ikasle guztion kontzientziazioan sakontzea eta batera hauei aurre egiteko konpromezu sendo batzuk hartzea.

2) Honetarako, ikastetxe eta fakultateetako ikasle mugimenduen arteko sare politiko eta organizatiboa eraikitzea beharrezkoa da. Hau da, borroka ezpezifikoak borroka orokorrekin lotzea, asanblada eta taldeen arteko harremana sendotzea eta ikasle boterea egituratzea.

3) Diskurtso soilaren inguruko mobilizazioetik ekintzara eta ofentsibara pasatzeko momentua da. Ez dugu LOMCE aplikatzen utziko, eta EU2015 aurrera eramaten ere ez. Eta horretarako aplikazioa blokeatzeaz gain, desobedientzia bidezko ereduen arteko talkara pasatu behar gara: tokia irabazten hasi behar gara!

Honetarako, mugimenduaren eta asanbladen indartze prozesu bat abian jartzea proposatzen dugu, aurretik aipatutakoa aurrera eramateko lehentasunak eta konpromezu nagusiak adostea helburu izanik.

“Suziria” eztabaida prozesua martxan jarriko dugu, Abenduak 4rako ikasleon batasunerako programa adosteko. Honetarako, ikastetxe eta fakultate guztietan hainbat eztabaida antolatuko ditugu, lehentasunak eta konpromezuak finkatzeko. Ondoren, azaroaren 23an hezigune bakoitzeko ordezkariak batu eta ateratako guztia komunean jarriko dugu, proposamen bateratu bat sortzeko. Azkenik, Abenduaren 4an Bizkaiko Ikasleriari dei egiten diogu 11etatik aurrera paroak deitu eta denok Bilbora joateko. Bertan batasunerako programa bateratua plazaratu eta mobilizazio masibo baten bidez hau bozkatuko dugu.

Hezkuntza irauli behar dugu, eta hau masiboki adieraztera goaz!
Hezkuntza herritik eta herriarentzat!!! Gora Bizkaiko ikasleria!

Egin irribarre, irabaztera goaz!

2014ko urriaren 23an
Bizkaiko Ikasle Eztanda

-Eztabaidarako gida

ab

-Datak

0. FASEA: Urriak 23: Prozesua publiko egin

1. FASEA; Urriak 27 - Azaroak 21: Eztabaidak ikastetxe eta fakultateetan (Azaroak 21erako ikasleeztanda@gmail.com-era bidali behar da ateratakoa bilerarako inprimatzeko)

2. FASEA: Azaroak 23: Eztabaidetako ordezkarien bilera, proposamen bateratu bat sortzeko, eta bozkatu beharreko aukeren zerrenda egiteko.

3. FASEA: Abenduak 4: zutabeak Bilbora, Ikasle Batasunerako Programaren bozkaketa eta mobilizazioa!

EGIN IRRIBARRE
IRABAZIKO DUGU TA!

-Eztabaidaren emaitzak

Gaur eta hemen hezkuntza ereduaren aldaketan pausoak ematen jarraitzeko gure konpromisoan berresteko batu gara. Aurreko urtean sortu zen Bizkaiko Ikasle Eztanda, hezigunez-hezigune ikasleok batu, borroka lokalak piztu eta hauspotu, eta martxoaren 27an milaka ikasle irten ginen kalera hezkuntza herritik eta herriarentzat aldarrikatuz.

Hala ere, eta bereziki ikasturte honetan aldaketak kontrako norantzan datoz: LOMCEren aplikazioa martxan da jada eskola eta institutuetan, eta unibertsitateetan berriz EU2015 erreforma inposatu nahi digute. Milaka aldiz eta milaka modu ezberdinetan aldarrikatu dugu inposatu nahi dizkiguten erreforma hauen aurka gaudela, eta guk gure hezkuntza eredu propioa eraikitzearen aldeko hautua egina dugula. Erreforma hauek langile klasean jatorria dugun ikasleok baztertu, zapalkuntzetan sakondu, eta merkatuaren mesedetarako hezkuntza bat dute helburu, langile akritiko eta esanekoak heziz. Ondorio hauetaz gain, beste hainbat aldaketa eragingo dituzte erreforma hauek gure ikastetxe eta unibertsitateetan:

Aurtengo ikasturtean ordea, ikasleon borroka ere haratago doa. Dugun indarraz jabetuta eta LOMCE eta EU2015 garaitzeko baldintzak sor ditzakegula ikusita, diskurtso soilaren inguruko mobilizazioetatik ekintzara eta ofentsibara pasatzeko momentua da, horretarako erreformen aplikazioa blokeatzeaz gain desobedientzia bidezko ereduen arteko talkara pasatuz eta tokia irabazten hasiz.

Hilabetez ikastetxe eta fakultate ezberdinetan “Suziria” hausnarketa eta eztabaida prozesua eraman dugu aurrera, ikasleon kontzientziazioan sakondu, eta guzti hau aurrera eramateko konpromiso batzuk hartzeko asmoz. Jauzi kualitatibo bat emanez, beharrezkoa da ikasle guztiok norabide berean kokatu eta eman beharreko pausoak elkarrekin adostea.

Eraiki nahi dugun hezkuntza ereduaren bidean, beharrezkoa da zenbait kontzepturen gaineko hausnarketa egitea:


  • Hezkuntza herritik: Hezkuntzak herriarekiko loturak garatu behar ditu, hori ekidin edota manipulatzen duten zapalkuntzen gainetik, honetatik eratorri eta honen mesedetara egon dadin.

  • Hezkuntza eraldaketa: Hezkuntza ereduaren aldaketa eman dadin beharrezkoa izango da eduki propioak klasean lantzea eta pedagogia eredu askatzaileak aplikatzea. Era berean euskaraz eta baldintza duinetan ikasteko eskubidea bermatzea lortu behar dugu.

  • Ikasle Blokea: Iraultza hau egingo duen subjektu eraiki behar dugu, honen eragiletzea errekonoituz eta ahalduntzea gauzatuz. Eraldaketaren motore izango den ikasle mugimenduaren artikulazio mailan sakondu eta ikasleriaren kolektibizazio prozesua bultzatu behar dugu.

  • Hezkuntza herriarentzat: Ezinbestekoa da herriaren mesedetarako, eta beraz, nazio eraikuntza eta eraldaketa sozialerako praktika bat garatzea, zapalkuntzen aurrean kontrabotere bat eraikitzen joateko. Horretarako jakintza sozializatzea eta herriaren mesedetarako proiektuak jartzea beharrezkoa ikusten dugu.

  • Erreformak: Hezkuntza eredu oso bat dugu eraikitzeko, baina LOMCE eta EU2015 inposatu nahi dizkiguten testuinguru honetan, horiek blokeatzeko estrategia bat izatea ezinbestekoa da.
Hausnarketa prozesu honen ondoren, gogoz eta determinazioz begiratzen diogu aurrean dugun erronkari, indarrez beteta. Ikasle Batasunerako Programa aurkezten dugu gaur, bertan ikastetxe zein unibertsitateetako ikasleok hartzen ditugun konpromisoak barnebiltzen dira, erreformak gelditu eta herritik eta herriarentzat izango den hezkuntza eraikitzeko pausoak emate aldera.

Bizkaiko ikastetxeetako ikasleok honako konpromiso hauek hartzen ditugu:

  1. Herri Curriculumak garatzea: Klase, nazio eta genero ikuspegia barnebilduz, herritik eta herriaren mesedera jarduteko beharrezkoak diren jakintzak eta pedagogia askatzailea barnebiltzen dituzten Curriculum lokalak sortzea, errealitate lokaletik abiatuz Euskal Herri osoarekiko ikuspegia eta erantzukizuna jorratuz.

  2. Guraso, langile, irakasle eta ikasleen arteko elkarlana hezkuntzaren problematikari aurre egiteko:

  3. Klase orduetan herri jakintza lantzeko saioak sortu: Saio hauek ikastetxeka, herrika zein eskualdeka antolatuko ditugu eta gure testuinguru politikoa, ekonomikoa eta soziala lantzeko baliatuko ditugu.

  4. Edukien euskaratzea eta ikuspegi herritarra txertatzea: Zapaldua den herri bat garen heinean, edukiek ikuspuntu hau barnebildu behar dute, eta zapalkuntza horiek gainditzeko bidea ireki.

  5. Errebalidei intsumisioa: Gure arteko konpetentzia bultzatu besterik ez dute egiten, ikastetxeen elitizazioa indartuz. Ikasleok bat eginez, LOMCEri desobedientzia egin eta errebalida hauek ez egitearen konpromezua hartzen dugu.

Era berean, Bizkaiko unibertsitate ikasleok ondorengo konpromisoak hartzen ditugu:
  1. Herri unibertsitateak sortzeko konpromisoa: Klase, nazio eta genero ikuspegia barnebilduz, herritik eta herriaren mesedetara jarduteko beharrezkoak diren herri jakintzak bildu eta kolektibizatuko dituzten hezkuntza praktika ofentsiboak dira. Hauetan pedagogia askatzailea praktikatu eta garatukoa da, eraldaketari begirako proiektuak sortzeko balioko dute eta ikasle kontra boterearen bidez antolatuak eta gestionatuak izango dira.

  2. Fakultateetan ematen diren jakintzen araberako talde kritikoak eratzea: Talde hauek edukiak era kritikoan landu eta hauen eraldaketarako egingo dute lan, herriaren beharrei erantzungo dieten edukiak sortuz.

  3. Jakintza kolektibizatzea: Apunteak, lanak, hitzaldiak, tailerrak… batu eta ikasleen mesedetara jartzea.


  4. Edukien euskaratzea ikuspuntu herritarra barneraturik: Edukiak zapaldua den herri baten ikuspuntutik garatzea beharrezkoa da.
  5. Instituzioak oztopatzea EU2015-i aurre egiteko borroka moldetzat: ikasleria albo batera utzita unibertsitatearen pribatizazio prozesu hau aurrera eraman nahi duten erantzuleek parean izango gaituzte ikasleon hitza entzunarazi eta errespetarazteko.

Helburu handiak ditugu aurrera begira, baina konpromiso hauek hartuta badaukagu nondik hasi bidea. Ez da erronka makala, izan ere guzti hau bidearen hasiera baino ez da; hemendik aurrera, konpromisoz eta desobedientziaz hezkuntza eredua eraldatzera goaz. Ikasleok jabetu gara gure indarraz eta aldaketen norabidea aldatzera goaz; horretarako, hemendik aurrera hezigunez hezigune konpromiso hauek hartu eta aurrera nola eramango ditugun planteatzea dagokigu, ikastetxe eta fakultateak desobedientziaz busti, erreformen aplikazioa blokeatu, eta hauen aurrean herritik eta herriarentzako izango den hezkuntza bat eraikitzeko!

EGIN IRRIBARRE IRABAZTERA GOAZ ETA!

IKASLE BORROKAZ LORTUKO DUGU!

GORA BIZKAIKO IKASLERIA!


Deskargatu eztabaidarako gida


Ikasle Eztanda 2014